Ozeaniako historia

Ozeaniako eskualdeak.

Ozeaniako historiak Ozeaniako lurralde eta uharteetan gizakiak izan duen presentzia eta jarduera biltzen du. Gutxienez duela 40.000 urte inguru abiarazten da egungo Australiako aborigenen arbasoak Asiako hego-ekialdeko lurraldeetatik egungo Australia eta Ginea Berria bat eginik osatzen zuten lurraldera heldu zirenean, bi lurraldeen arteko itsasartea zeharkatuz. Hasiera batean, ehiztari eta biltzaileak baziren ere, duela 10.000 urteko nekazaritza-arrastoak aurkitu dira Ginea Berrian. Duela 2.500-3.500 urte, giza-taldeen beste migrazio batek egungo Kaledonia Berria, Fiji eta Vanuatu uharteak hartu zituen. Polinesiako uharteetako populatzea Fiji uhartetik gertatu zen duela 1000 urtera arte. Zeelanda Berriko jendeztatzea orain dela 1.000 bat urte izan zen, Maori kultura osatuz.

XVI. mendean mendebaldeko esploratzaileekin kontaktua abiarazten da, baina uharte zenbaitetara mugaturik. Hasieran espainolak eta portugesak: Fernão Magallães portugaldarra 1519-21 urteetan egin zuen bidaian Mariana uharteetara iritsi zen, eta harrezkero europarrek bidaia asko egin zituzten Ozeaniara. XVIII. mendean frantsesak eta ingelesak, izan ziren uharte hauetako jendearekin kontaktua egin eta ondoren uharteak hartu zituztenak. Garrantzi handia izan zuten J. Cook ingeles itsasgizonak 1768-79 bitartean egindako hiru bidaiek, Cook-ek Ozeania osatzen zuten uharteen kokapena mapetan finkatu baitzuen. Ozeaniaren kolonizazioa XVIII. eta XIX. mendeetan gauzatu zen; Ingelesek Zeelanda Berriko eta Australiako lurraldeak beretzat hartu eta kolonizazio prozesu bati ekin zioten, bertako kultura aborigena birrinduz. Lurralde hauek izan ziren independentzia aldarrikatu zuten lehenak XX. mendearen hasieran; mende horretan zehar Polinesiako uharte askok estatu subiranoak osatu zituzten, baina egun badira oraindik ere burujabetza lortu ez duten herriak, hala nola Kaledonia Berria, Frantziaren mendena jarraitzen duena. Estatu Batuek ere hainbat uharte hartu zituzten XIX. mendean, Hawaiiko uharteak kasu. Bigarren Mundu Gerra japoniarrek Estatu Batuek Hawaiiko Pearl Harbor portuan zuten ontzidiari eraso ziotenean hasi zen Ozeanian. Gerra horretako gudu asko Ozeanian egin ziren eta hango biztanle asko hil ziren. Gerraren ondoren Estatu Batuek atomo bonbak lehertarazi zituzten japoniarrei kendutako Mikronesiako atoloi batzuetan (Bikini, Eniwetok). XX. mendearen bukaeran, burujabe ez diren uharteak Frantzia, Australia, Zeelanda Berria, Britainia Handia eta Estatu Batuen mendean daude.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search